BILDUMA HIZTEGIA

movimiento feminista (es)

Feminismoa



Mugimendu sozial, politiko, filosofiko eta aldarrikatzailea, askotariko emakume-talde, kolektibo, plataforma eta norbanakoek osatua. Emakumeen askatasunaren alde eta emakumeak zapaltzen dituen gizarte-sistema patriarkalaren aurka borrokatzen da.



Mugimendu feministak feminismo guztiak barne hartzen ditu. Halere, unearen eta tokiaren arabera, mugimendu horren barruan feminismo batzuk edo besteak aurkitu ditzakegu.

Euskal Herriari dagokionez, mugimendu feministak askotariko taldeak eta antolatzeko moldeak izan ditu. 1970eko eta 1990eko hamarkadetan, feminismoarekin bat egiteko bide nagusiak herri eta auzoetako taldeak eta gai beraren inguruan lan egiten zuten batzordeak biltzen zituzten egitura zabalagoak (asanbladak) izan ziren (Araba, Bizkai eta Gipuzkoako asanbladak eta Nafarroako Koordinadora Feminista). Horrez gain, kolektiboak (lesbianenak, kasu), koordinakundeak (Euskal Herri osokoak zein tokian tokikoak), plataformak (Zaintza Plataforma, Nafarroako Indarkeriaren Kontrako Plataforma edo Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren Plataforma) eta emakumeen talde feminista ugari ere egon dira eta daude gaur egun.

Mugimendu feminista etengabe ari da aldatzen eta errealitate berrietara egokitzen, baita Euskal Herrikoa ere.

Hiztegi-unitateak